XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ara denboraren begitartea, mendearen izena.

Hogoigarren mendeko bigarren zatian, bada ara berri bat, zoinen arabera, ainitzek salatzen baitute, argi eta garbi, erreiten, ahoan bilorik gabe, nolakoa den heien sinestearen ez bakarrik aintzina, bainan gibela, ez bakarrik alderdia bainan ifrentzua; ez bakarrik axala, bainan mamia.

Zer daukan heien sinesteak gorderik altzoan, edo hobeki eta laburkiago, nolakoa den heien sinestea.

Nahi nuke heien urratseri jarraiki, nik ere Hogoigarren mendeko bigarren zatian bizi izeitea gatik, bigarren zati hortako herritar.

Nahi nuke ene hatza heien hatzetan, ene ara heien aretan ezarri.

Nahi nuzke, ibiltzeko, heien ara oinetakoak jauntzi.

Makila eskuan, heien hatsa ene hats, nahi nuke iragan, hastetik orai artino, ene biziaren bidea, ikertuz zoko mokoak, jakiteko nihaurek hobeki eta aipatzeko bertzeri deplauki, zer dutan sinesten, zer den ene sinestea, deus makurturik edo xuxendurik gabe, hala-hala, garbi-garbia, tapalahara, den bezela.

Erdaraz mintzo direnek badakite usu, sobera usu aintzinetik, nolakoak behar duten agertu, jenderi atsegin emeiteko, eta heieri bere liburuen saltzeko, erran nezake sakatzeko.

Agur eta diru nahiaz daude estekatuak.

Jada berzenak dira. Emanak.

Salduak.

Bere burua daukate, bere liburuarekin eskeinia, utzia.

Bere burua baitute saldua, saltzen dute beren liburua.

Beren burua dute ezartzen saltzeko mahiaren gainean, beren liburua ezarri aintzin.

Edo ezartzen dituzte biak batean, liburua estalgi, bizia haragi.

Asko gezur heldu zitzaizkigu ba Parisetik, ba Madriletik: Irakurtzen ditut orroitzapenak, jakiteko orroitzalek zer ez duten egin, zion ahopaldi maltzur pollit batean, Joanes Rostand Jaunak.

Zendako ez dugu guretzen guk Euskaldunek, hainbertzek beretua duten mintza molde hori, ez gezurgoan trebatzeko, bainan gogobihotzetan dugunaren, deus zinkulinarik gabe ateratzeko?.

Gizon herabea, gizon dohakabea.

Oiloa, ba; gizona ez.

Adinarekin jiten da ausart izeiteko eginbidea.

Mintzatzeko egina da gizona. Ez ixilik egoiteko.

Goxo goxoa, duen sinestearen ogia bertzekilan puskatzeko.

Zerbeitetako ukan du Jaun-goikoak emanik, duen mihia.

Gaztea gaztetasunaz ezin mintza, bainan gazte.

Adinetakoa gaztetasunaz mintzatzen ahal, bainan ez gazte.